Zeberio, memorian

Zeberio, 18 de julio de 1936

Upo mendiaren magalean dagoen San Segismundo ermitan meza entzutera eta erromeria ospatzera etorritako Zeberioztar guztiak ustekabean hartu zituen tropa matxinoen altxamenduaren inguruko albisteak. 1939ra arte iraungo zuen Gerra Zibilaren hasiera izango zen.

Zeberio memorian, gaur

Gaur, gertaera triste honek Zeberion utzitako arrastoak azaleratu nahi ditugu. Iragana gogoratu nahi dugu eta orain dela laurogei urte gertatutakoa errespetuz begiratu, gure historiak izan duen gertaera mingarrienetako batek –Gerra Zibilak- gure bizilagunen bizitzak zelan eten zituen ez dadin ahaztuta geratu.

Hemen jasotzen dugu memoria horren zati bat: Zeberion gerra bizi zuten pertsonak gogoratzeko memoria, eta oraindik ere gertatutakoaren lekukotzak geratzen diren lekuak berreskuratzeko memoria.