Zeberion hegazkin bi erori izanaren kronika

1937/1/4
Bilbok jasandako aire-bonbardaketa baten ondorioz, 1937ko urtarrilaren 4ko arratsaldeko 15,20an, Iparraldeko Aire Indarren ehiza-hegazkin eskuadrila bat aireratu zen Lamiakoko zelaitik. Berau, errusiar hegazkinlariek pilotatutako 8 "Txatoz" osatuta zegoen; pilotuen artean Felipe Del Río Crespo eta Juan Roldán Maldonado izan ziren errusiarrak ez ziren bakarrak. Apur bat beranduago bederatzi Ju-52 bonbardero agertu ziren -Kondor Legioak eskolta emanda-, eta lau "Txato" haiekin borrokan hasi ziren. Honen ondorioz, alemaniar hegazkin bonbaketarietako bat Arraiz mendian eraitsi zuten, Alonsotegitik hurbil dagoen Liusurdiko trokara eroriz. Roldanek pilotatutako “Txato”etako batek (Polikarpov I-15) alemaniar hegazkinei jarraitu eta Artiñano (Zeberio) mendiaren gainetik aire-borrokan jardun zuen. Honen lekuko izan ziren mendian "goja" batzen ari ziren Eleuteria eta Eusebia Berastegui Madariaga ahizpak. Arratsaldeko 16,30 zirenean Roldanen hegazkina Artiñano mendi gainean eraitsi eta zuhaitz baten aurka jo zuen; pilotua, talkaren indarraren ondorioz,  hegazkinetik metro batzutara azaldu zen, bala-zaurien eraginez hilda. Juan de Echevarría Larracoechea Zeberioko udal epaileak eginbideak ireki, eta herriko mediku biek -Juan Olavarríak eta Gerardo Laibarrak- aztertu zuten hilotza. Gaueko 24:00etan eman zioten kordobako abiadore ausartaren gorpua Luis Cerro Palomo Euzkadiko abiazioburuari.

Errepublikako abiazioaren egun heroiko hark oihartzuna izan zuen garai hartako prentsan.

Eguna aldizkaia

Iparraldeko CNT

Juan Roldán Maldonado

Kordobakoa jatorriz, gerra hasi eta denbora gutxira, 1936ko abuztuaren 1ean, aurkeztu zen bolondres Barcelonako aerodromoan bigarren errepublikako gobernu legitimoaren alde borrokatzeko. Azaroan, Bilbora "txatoak"(Errusian egindako Polikarpov hegazkinak) iritsi ostean, Roldan Euskal escuadrillan destinatu zuten. Lamiakoko aerodromoa (Leioa) izan zen eskuadrila honen aire-basea.

1937/6/16

Kondor Legioa da Gerra zibilean Adolf Hitlerrek Espainiako bando nazionalaren alde bidalitako abiazioari emandako izena. Zeberio Bilbotik hurbil eta Burdin Hesiaren alboan zegoenez ohikoa zen hegazkin faxisten joan etorria. Hasieratik nabarmena izan zen bando bien abiazioan zegoen aldea. Errepublikarrek askoz hegazkin gutxiago bazituzten ere, batzuetan hegazkin aleman eta italiarren kontra gogor egin eta garaile ateratzen ziren. Hau da 1937ko ekainaren 16an Zeberio inguruan gertatutakoa.

Egun hartan, Zeberio zeharkatzen ari zela, Heinkel He-70 hegazkina tiroz jo zuten eta erori egin zen, Urindo auzoaren inguruko zuhaitz baten kontra joz. Bertan hil ziren hegazkinean zihoazen 3 pilotu alemaniarrak: Siegfried Gottanka, Frtiz Heerschlag eta Helmunt Hildemann. Inguruan 3 pilotu hauen omenezko hilarria izan zen urte askotan, betirako desagertu zen arte. Urtero loreak ekartzera hurbiltzen ziren hauen familia-kideak.