Burdin hesia

1936ko uztailaren 18ko altxamendu militarraren ostean, tropa frankistek Gipuzkoa setiatu eta Bizkairantz jo zuten. Irailean, Markina-Xemein eta Eibar artean egonkortu zen frontea. Orduan, Bizkaiko Defentsa Batzordeak, Bizkaian inoiz eraiki izan den azpiegiturarik handiena sortzea erabakiko du; 80 km inguruko babes-lerro bat, Bilbo eta bertako gune estrategikoak babestuko zituen ferra itxurako lerroa: Abrako portua, aerodromoak, industria, eta argiaren zein uraren hornidura azpiegitura nagusienak, esaterako Zolloko urtegia. Bizkaiko herritarren zati handi bat eta milaka gipuzkoar errefuxiatu ere – hauek, armada nazionalak aurrera egin ahala, Bilborantz joan ziren aterpe bila- babestu nahi izan ziren gotorleku honen bitartez.

Jatorrizko izena Bilbo Babesteko Hesia izan zen. Alderdi nazionala izan zen “Burdin Hesia” izena ipini ziona, babes lerroaren gainean lortutako garaipena nabarmentzeko. Lubakiak, alanbre-hesiak, parapetoak, metrailadore-habiak, multzo gotortuak, babeslekuak… zituen nagusiki.  Baina amaitu gabeko lan bat zen.

Jose Echevarria Novoa Bizkaiko Gobernadore Zibilarena eta Francisco Ciutat tenientea Iparraldeko Armadaren Estatu Nagusiko Buruzagiarena izan zen Burdin hesiaren ideia, baina lanak 1936an hasi ziren, eratu berria zen Euzkadiko ehin –behineko Gobernuaren agintepean. Alberto Montaud Noguerol erretiratutako ingeniarien komandanteak diseinatu zuen lerroa, eta Pablo Murga (aktiboan) eta Alejandro Goikoetxea (erretiratua) ingeniarien kapitainek zuzendu zuten beronen eraikuntza. Biek egin zioten traizio Euzkadiko Gobernuari: Pablo Murga 1936ko urrian atxilotu eta urte bereko azaroan fusilatu zuten; Alejandro Goicoecheak 1937ko otsailaren 27an nazionalen aldera igarotzea lortu, eta bere ezagutzari esker azpiegitura handi hau erorarazten lagundu zuen. Lanak indarrez hasi, baina gorabeherak eta geldialdiren bat ere izan zuten; hauek, sektore bakoitzeko lanak egiten ziren ondoko udalerrietan eskulana kontratatuz konpontzen ziren, horrela, ahal zen heinean, langileak obretara lekualdatu eta ostatatu behar izatea saihestuz. Milaka langile egon ziren lanean, gehienak zibilak eta 17 urtetik beherako eta 30 urtetik gorako gizonezkoak, adin militarretik kanpo zeudenak. Emakumeak ere kontratatu zituzten, baina sektore zehatz batzuetan eta maila bereko gizonezkoak baino soldata txikiagoa kobratuz.

Azpiegitura handi hura 5 sektoretan banatzen zen:
1. sektorea; Punta Luzerotik (Zierbena) Galdames-Castaños bidera arte (Galdames) hedatzen zen.
2. sektorea; Galdames-Castaños bidean hasi eta Ganekogorta mendian amaitzen zen.
3. sektorea; Ganekogortatik Artetaganera arte (Galdakao) zihoan.
4. sektorea; Artetaganen asi eta Gaztelumendi mendian (Larrabetzu) amaitzen zen.
5. sektorea; Gaztelumenditik kostaldera arte (Getxo, Sopela eta Barrika) zihoan.

3. sektoreak Okondo eta Galdakao arteko lurrak hartzen zituen.
Zeberioko Udalerria 3. sektorearen barruan zegoen, eta sektore honek Okondo, Laudio, Arrankudiaga, Ugao/Miraballes, Zeberio eta Galdakaoko udalerriak zeharkatzen zituen. Era berean, sektore hau Zolloko, Miraballesko eta Upoko azpisektoreetan banatzen zen. Zeberio ia-ia bere osotasunean Upoko azpisektorean sartuta zegoen arren, bazeukan zati txiki bat -Saldarian ingurua- Miraballesko sektorean zegoena. Hain zuzen ere, Goicoecheak Upoko azpisektorean utzi zuen ahulgune edo "zirrikitu"etako bat prest, bertatik Burdin Hesia hautsi zedin. Dena den, azkenean, 4. sektoreko Urrusti eta Gaztelumendi mendien artean prestatutako beste "zirrikitu" edo ahulgune batetik hautsi zen Burdin Hesia, 1937ko ekainaren 12an.

 

Informazio gehiago