Historia

 
Puente en Zeberio

Zeberioko ibarra Nerbioi ibarrean dago eta 48 km2-ko hedadurea dauka. Lurrik hezeenak ibarraren beheko aldean dagoz, erreka alboetan. Ibarraren behealde horrek 450 metrorainoko zabalerea dauka. Ibarraren alboetako mendiei jagokenez, iparraldean, 634 metrorainoko altuerea daukie eta, hegoaldean, ostera, 775 metrorainokoa. Bada, beheko ibarraren eta goiko mendi horreen artean bitarteko eremua dago, mendi hegaletan hainbat kilometroko zabalerea daukan bitarteko eremua. Auzunerik gehienak iparraldeko hegalaren bitarteko eremuan dagoz, eta arrazoiak begi bistakoak dira: iparraldeko mendi hegala hegoaldekoa baino eguzkitsuagoa da; era berean, ibarraren behealdeko lurrik gehienak hezeegiak ziran erdi aroko laborantzarako eta mendiko lurrak ez ziran egokiegiak nekazaritzarako (aldats handiegien ondorioz higadura arazoak).

Zeberioko klimea atlantikoa da eta tenperaturak leunak dira; bariazino gitxi izaten da urtarotik urtarora, baina, halandabe, prezipitazinoak ugariak dira urte osoan. Euri asko egitearen eta ibarraren ezaugarri geografikoen eraginez, Zeberio errekeagaz dozena bat errekatxok egiten dabe bat. Zeberio errekeak 240 metroko altueran dauka iturburua eta, 9,5 kilometro ibili ostean, Nerbioi errekeagaz egiten dau bat 70 metroko altueran.

Zeberion ez dago historiaurreko aztarnarik, eta giza testigantzarik zaharrenak leiho prerromaniko bi dira (XI. mendea), Argiñano eta Barañanoko ermiten aurrealdean. Zeberioren lehen aipamen idatzia 1373koa da (Ugao-Miraballeseko uri gutunean). Nekazaritzea eta abeltzaintzea dira nagusi Zeberion. Abeltzaintzeak ibarrean eta mendietan estimazinorik gitxien daukiezan lurrak aprobetxetan dauz. Elikadurearen oinarria zerealek eta egoskariek osotzen eben, eta, horrez ganera, frutea, batez be sagarra, eta ortuko beste produktu batzuk hartzen ebezan. Euskal Herrian danak noble izatearen eta noblezia titularrik apenas izatearen ondorioz, bai ehizea bai arrantzea baimenduta egozan danantzat.

XIII. mendean merkataritzea nabarmen hazi zan eskualde honetan, Gaztelatik Europa erdialdera eta iparraldera esportetan zan artilearen eraginez. Horrek aukera ona ekarri eban, merkataritzearen bidez, irabaz biderik emoten ez eban nekazaritzearen ondorio ezkorrei zelan edo halan aurre egiteko. Izan be, artilea esportetan zan itsasontzietan burdina barrak bialtzen ebezan. Industria eta merkataritza horreek legez babestuta egozan, Foruaren arabera, Euskal Herria, salbuespen gitxi batzuekaz, merkataritza libreko eremua zan eta burdinearen produkzinoa eta merkataritzea ez ziran zerga bidez kargetan.

Artoa XVII. mendean sartu zan batez be. Artoa sartuta, ibarraren behealdeko lurrak aprobetxau ziran, eta, holan, nabarmen hazi zan lantzeko erabilten zan lurraren hedadurea. Nekazaritzea, lur eremu zabalagoan egoteaz ganera, intentsiboagoa be bilakatu zan. Batez be XVIII. mendean, erreferentzia asko azaltzen dira lurraren kalau eta itxituren ganean. Nekazal iraultzearen ondorioz, biztanle kopuruak gora egin eban, merkaturatzeko produzitzen hasi ziran eta azpiegiturak hobetu egin ziran: San Antonio ermitea (1732), udaletxea (1743), parrokiako torrea (1772), errege bidea (1760-1780).

Burdinearen fabrikazinoa modu deszentralizauan egoan antolatuta, egur-ikatz asko behar izaten zan-eta burdinea egiteko. Burdin-beta baino askoz ikatz gehiago behar izaten zanez, errazagoa zan burdinea ikatza egoan tokira eroatea, aldrebes egitea baino. Zeberio errekean zehar bost burdinola be izan dira inoiz. Esate baterako, 1799an lau burdinola egozan eta 163 tona produzitzen ebezan; 1802an, ostera, 172,5 tona produzidu ebezan. Gero, XIX. mendean, industrializazinoagaz, egur-ikatzaren ordez harrikatza erabilten hasi ziran. Ondorioz, industria astuna metropolian batu zan eta Zeberiok eukan industria ia guztia galdu eban.