Historia

 
Zeberioko panoramika

 Zeberioko bizilagunak patroi eta infanzoitan egozan bananduta. Patroiak Ugao-Miraballeseko uritarrak ziran, baina Zeberioko ibarrean bizi ziran. Uriko herritarrak ziranez, Gaztelako legearen arabera epaitzen zituen eta euren ordezkari eta epaile nagusi Ugao-Miraballes uriko alkatea zan. Gernikako Batzar Nagusietan Ugao-Miraballesen bitartez egozan ordezkatuta. Era berean, barruko arazoetarako patroi errejidore bat eukien.

Infanzoiak, barriz, Ugao-Miraballesen barik Olabarrietako Santo Tomas eleizatean erroldatuta egozan Zeberio ibarreko gainerako bizilagunak ziran. Euren fiel errejidorea eta Batzar Nagusietako ordezkaria eben. Lurralde Edegiko legeria Bizkaiko forua zan. Legeria horren bitartez, esate baterako, oinordekoa aukeratu eikien, ezkontideen arteko jabetza konpartidua zan, merkataritza librea egoan (salbuespen gitxi batzuk kenduta) eta ez egoan gremiorik.

Bizkaiko Jaunak, Espainiako erregeak, eratu zituan Bizkaiko uriak. Jaun horrek, Ugao-Miraballeseko herritar kopurua handitzeko, ibarrean egoan parrokia bakarreko hamarrena uriko bizilagunei oparitu eutsen. Hamarren horren bi heren parrokiako patronatu zibila osotzen eben patroien artean banatzen ziran, eta hirugarren partea eleiza horretako abade banefiziaduentzat ezarri zan. Partaidetza horreek hain ziran inportanteak ze, mendeetan zehar hipotekau egin ziran eskudirutan emondako kopuru baten ordez. Horretarako, “censo de foguera” (suteen erroldea) terminoa erabilten zan, eta titulu horregaz agiri dira ondino be protokolo notarialetan, Zeberioko Udaleko Artxibo Historikoan.

Gaur egun, 600 urte geroago, ondino badago Olabarrietako Santo Tomaseko patronatua. Baina, 1815ean hamarrenak baliobakotu ziranetik hona, lur, etxe eta eraikinen administrazinoa da bere zeregin bakarra.

Talde biok, bakotxak bere aldetik eratzen zituan udal batzarrak, baina amankomuneko gaietan Udal Orokorrak antolatzen ziran. Esate baterako, etxe, bide edo zubiak eregiteko gastuetan, patroiek bi herenak pagetan zituen eta, infanzoiek, barriz, heren bat. Infanzoi baino patroi gehiago egoala erakusten dauan beste alderdi bat suteen erroldak edo fogerazinoak dira. Ibarreko etxe guztien zerrenda horreek zergak kobretako helburuagaz egin ziran. Esate baterako, 1704an egindako suteen erroldan, 123 patroi etxe egozan eta 52 infanzoi etxe.

Euskal Herriko beste hainbat udalerritan lez, Zeberion be, Erdi Arotik aurrera, Batzar edegiak egiten ziran. Batzar horreetan herriko etxagunak batzen ziran eta erabagi politikoak hartzen zituen, fiel errejidorea aukeratzen eben eta fiel horri kontuak eskatzen eutsiezan legegintzaldiaren amaieran. Halanda ze, batzar edegi horreek demokrazia zuzeneko sistema bat ziran, baina XVIII. mendean, hain zuzena ez zan beste bat ezarri zan. Izan be, 1743an, Zubialdeko udaletxea eregiten hasi ziranean eta herritarren batzarrak etxe horretan egiten hasi ziranean, ez egoan etxagun guztientzako nahikoa lekurik eta, ondorioz, gehienek beren ahots eta botoa eskuordetu behar izan eben. Batzar edegia egiten segiduten eben komunidadeetan, 1845eko Udal legeak bertan behera itxi eban sistema hori, eta holan amaitu zan Euskal Herriko udal sistema tradizionala.

Zeberio talde bitan bananduta egoteak ekarren bikoiztasuna 1873an amaitu zan, korrejidoreak aginduta. Zeberion auzoteria bat, parrokia eleiza bat, mutil eta neskentzako eskola bana eta udaletxe bakarra egon arren, gizarte talde bitan bananduta egoan, eta horrek auziak be eragin zituan. Halanda ze, korrejidoreak banaketa hori desagerrarazo eban eta foru udal bakarra egiteko eta fiel errejidore bakarra aukeratzeko agindua emon eban.